[itzul] kirol albisteak eta genitiboa
Joxe Mari Berasategi
jxmbezu a bildua gmail.com
Ost, Aza 25, 18:13:11, CET 2015
Eskerrik asko, Juan, aldez atzetik.
Laburpen bikaina eta argia.
Askok irakurri dute dagoeneko, eta akaso bakarren batek helduko dio
2003ko honi ere:
http://www.eizie.eus/Argitalpenak/Senez/20031210/garzia
Zure "besteak beste" horren zehaztapenak ItzuLen jartzerik bazenu...
eskerrik asko aldez aurretik.
Joxe Mari Berasategi
Gasteiz
2015/11/21 10:00(e)an, Juan Garzia Garmendia igorleak idatzi zuen:
> Ni ere saiatua naiz bereizkuntza horren ingurukoak maiseatzen;
> SENEZen, besteak beste.
>
> Labur-labur hemen:
>
> Izen-sintagmei zuzenean (tartean beste postposiziorik ez dela)
> eransten zaion -KO postposizioa lokatibo delakoarekin lotu ohi dugu
> (alde batera utzirik NOLAKO adierakoak), baina nik nahiago dut esan
> nola edo halako kokapena adierazteko baliatzen dugula joskera hori:
> oinarrian, bistan da, leku-kokapena dugu, baina, haren proiekzioz,
> baita denbora, erakundea, arloa eta abar ere.
>
> Beraz, kokapen horren ideiak zilegiztatzen du semantikoki, nola edo
> halako "espazio" fisiko nahiz mental baten irudikapenak, dena delako
> sintagman -KO hori agertzea. Hori, kontu orokorrari dagokionez.
> (Jakina, erdaraz denak berdin "de" izatea da arazoaren eragile
> nagusietarikoa, zenbaitek itsusitzat jotzen badu ere bistakoa den hori
> bistaratzea).
>
> Bada, ordea, erabilera desegoki nabarmenekin batera,
> "erakarpenezko"tzat-edo jo daitekeen kutsadura bat, -EN
> genitiboarekiko lehia bortitza sortzen duena, haren lekua hartzeraino.
> Hara: posposizioa baliatuz izenlagun bihurtu nahi dugun izena nabarmen
> lekuzkoa bada, leku-adierazpenetan erabiliko denez maizenik, horren
> inertziaz "gehiago pentsatu gabe"-edo, -KO postposiziora jotzen du
> automatiko hainbatek, -EN genitiboaren aukera burutik pasatu ere gabe
> noski.
>
> Hortik, nik uste, nahaste edo ordezte hori. Areago, izenlagun horrekin
> doan izena bera ere "espazio" adierakoa bada: "Afrikako mapa"
> ["Afrikaren mapa" adierazteko], edota, toponimoa bezain nabarmen
> "leku" huts ez den izen batekin: "gure bihotzeko mapa" ["gure
> bihotzaren mapa" adierazteko].
>
> Kutsadura bertsua eragiten du, zenbait testuingurutan, analogiak:
> "elkarteko lehendakaria" > "elkarteko zuzendaria" ["elkartearen
> zuzendaria" adierazteko, hots, "elkartea zuzentzen duena", eta ez
> "elkartean auskalo zer zuzentzen duena"]. Izan ere, analogiak
> analogiak, desberdinak dira bi izenon jokoak: zuzendariak elkartea
> zuzentzen du (edo behar luke), eta lehendakariak, berriz, ez du ez
> elkartea ez besterik *lehenda(ka)tzen.
>
> Hala, bi ikuspegiak lehian daudekeen gehienetan, -KO nagusitu ohi da,
> aukeran, kasu eta hizkera gehienetan: "etxeko/autoko giltzak".
> Bereizkuntzak, hala ere, hor dirau berez: "katedralaren hormak/ateak"
> vs "katedraleko hormak/ateak". Ez dabil "erakarpen"-mekanismo beretik
> oso urruti "Eibarko herria" moldeko joskera, "Eibar herria" aposizio
> teorikoaren ordez guztiok normal darabilguna (oroimenak huts egiten ez
> badit, hala ere, "Eibarren errixa" dakar antzinako bando zaharrak:
> erdarazko "(pueblo) de (Eibar)" preposizio berezi, esanahirik
> gabekoaren ordain gisa zein postposizio aukeratu inoiz zalantzan ibili
> ez ote garen iradokiz).
>
> Bietara irudikatzen diren izenen kasuan ere, "espazio" adierak
> erakarri-edo egiten du -KO atzizkia, ia-ia -EN genitiboaren lekua
> guztiz hartzeraino zenbaiten mintzamoldean, bereizkuntza galaraziz:
> "gobernuko aginduak" ["gobernuaren aginduak" adierazteko].
>
> Azken sail horretakoak dira kiroletako adibideok, baina kutsadura
> larriagotzen duen kontu batekin: "Oiartzun" zein "Brasil", oinarrian
> eta maizenik, toponimo dira, eta eratorria da beste adiera, hots,
> "Brasil", "Oiartzun" = "herri horren izen bera duen kirol-taldea".
> Horrekin loturik, (kutsatzearen) alde berera tiraka, -EN genitiboak
> eta -N lokatiboak forma bera hartzen dute halako askotan: "Brasilen",
> "Oihartzunen"... Horregatik guztiagatik, "talde" izen arrunta
> esplizitatzera jotzen du askok, garbi utzi beharrez ez dela hor
> "herri" adiera ulertzekoa: "Hondarribia taldearen
> gola/garaipena/entrenatzailea".
>
> Barka laburpena luzeegi bada.
>
>
>
> Joxe Mari Berasategi<jxmbezu a bildua gmail.com <mailto:jxmbezu a bildua gmail.com>>
> igorleak hau idatzi zuen (2015(e)ko azaroak 20 21:53):
>
> Aupa, itzulkideok
>
> aspalditxoan bakea eman dizuet harrikada honekin, baina...
>
> 1)
>
> Oiartzun*go* entrenatzailea (nesken talde nagusiarena)
>
> nor ote da?
>
> Jon Alkorta
>
> Ba ote?
>
> Bai, bai, Jon Alkorta da,
>
> baina ez da Oiartzun*goa*
>
> Errenteria*koa* baizik.
>
> Beraz, hobeto
>
> Oiartzunen entrenatzailea, ezta?
>
> Ondo ote legoke
>
> Oiartzungo entrenatzaile errenteriarra?
>
> Ez ote legoke hobeto
>
> Oiartzunen entrenatzaile errenteriarra?
>
> 2)
>
> xx. minutuan iritsi zen
>
> Brasil*go* gola
>
> Non jokatu zen partida?
>
> Brasilen ala handik kanpo?
>
> Nork sartu zituen Brasilgo golak?
>
> Brasilek?
>
> Venezuelak?
>
> Brasilek bereak (Brasilen golak)
>
> Venezuelak berea (Venezuelaren gola)
>
> Guztiak ere Brasilgo golak, ez ordea Brasilenak.
>
> Gustura irakurriko ditut iritziak, inork esatekorik /gogorik badu.
>
> Joxe Mari Berasategi
> Gasteiz
>
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20151125/2ab34ac3/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago