[itzul] habrá habido unos elevados costes humanos
Juan Luis Zabala
jaulis62 a bildua gmail.com
As, Uzt 18, 00:24:10, CEST 2023
Kaixo, Joxe Mari:
Aitorpen bat, hasteko: ez dut eztabaida, hari edo dena delako hau lerroz
lerro eta mezuz mezu jarraitu, saltoka-maltoka baizik, eta zure aurreko
ohar hori, Euzkitze aipatzen duzunekoa, irakurri gabe neukan neure aurreko
mezua idatzi dudanean. Orain irakurri dut, "a posteriori".
Beste aukeren egokitasuna ukatu gabe —"-(r)ik" gabekoa, "bide", "-ke", nahi
den guztia...—, ni "-(r)ik" duten formen aldekoa naiz, galzorian dagoen
aberastasuna dela uste dudalako, neuk neure belarriz dastatua gainera.
Arrarotasun bakarra, zuk aipatutako adibidearen kasuan, "izan"-en
errepikapena litzateke: "giza kostu handiak izanik izango dira". Hori
"sorturik", "gertaturik", "egonik" edo antzeko zerbait erabilita konpon
liteke...
Hori guztia esanik, gogoeta txiki bat, zilegi bazait, zer pentsatua ematen
baitu kontuak.
Nik forma hori —"-(r)ik"duna— "zaharrengandik" ikasi dut (ni baino are
zaharragoengandik, zehaztu beharko ote nuke?), baina ez naiz hizketan
erabiltzeko kapaza, ezinezkoa zait, ez Azkoitian eta azkoitieraz, eta ez
batuan aritzean. Zergatik ez Azkoitian eta azkoitieraz? Nire adinari eta
hiztunak esleitzen didan hizkuntza gaitasunari ez dagokion hizketa modu bat
erabiltzen ari naizela sentituko nukeelako, eta horrekin hizketaren
naturaltasuna urratzen ari naizela. Zergatik ez batuan hizketan aritzean?
Pedante edo sasi-jakintsu itxura emateko beldurrez.
Ez nuke, beraz, inoiz eta inola esango:
"Bere izena ezabaturik izango du, ez da inon ageri eta". "Aspaldi laketurik
izango da, euskaraz ederki asko egiten du behintzat".
Baizik eta:
"Bere izena ezabatuko zuen, ez da inon ageri eta". "Aspaldi laketuko zen,
euskaraz ederki asko egiten du behintzat".
Idazketa da, horrenbestez —euskara batuko idazketa, jakina—, nik forma
horri, hiztun-lotsarik gabe, presentzia eta bizitza ematen jarraitzeko
dudan bide bakarra.
Azkoitian gazteak, oro har, oso harro daude beren euskararen
naturaltasunaz, jatortasunaz, eta aberastasunaz, hala sumatzen ditut nik
behintzat, eta ez zaie arrazoirik falta horretarako, euskara bizi eta
naturala darabilte oro har. Baina belaunaldiz belaunaldi gertatzen ari den
galera nabarmena da.
Okerrena da norberaren hizkerarekiko harrotasuna, kasu askotan, batuarekiko
halako gutxiespen batekin lotzen dela, eta hori ere sumatu izan dut
Azkoitian eta beste hainbat "arnasgunetan".
Hau beste gai bat da, badakit, baina ondorioa begien bistakoa da, nire
ustez: batetik, herriko hizkeretan bilatu behar du, ez soilik baina bai
neurri handi batean, hazkurria eta adierazkortasuna euskara batuak;
bestetik, herriko euskara jakite hutsa ez da nahikoa, batuaren gutxieneko
ezagutzarik eta praktikarik gabe, gaur eta hemen behintzat, euskaltasun
kultural praktiko eta txukun baterako, hori gabe hiztunik jatorrenak ere
erdararekiko menpekotasun handia izango baitu, batez ere (baina ez soilik)
lagunartetik edo etxeko girotik aparteko gaietan.
Batua baita, azken batean, Azkoitiko zaharrenek hitzetik hortzera
darabilten forma horri —"-(r)ik"duna— bizirik eusteko modu bakarra.
Mezuak panfleto itxura hartu duenez, lelo batekin amaituko dut:
Herri alfabetatua inoiz ez zanpatua!!!
El lun, 17 jul 2023 a la(s) 20:18, Joxe Mari Berasategi (jxmbezu a bildua gmail.com)
escribió:
> Eskerrik asko, Juan Luis.
> Horregatik aipatu nuen aurrekoan Euzkitze, harritu samarrik Azkoitikoa
> izanda Albertok Bizkai aldean hain ondo lekukotu duen -(r)ik gabeko forma
> darabilelako hitzetik hortzera.
> Norbaitek bi forma horien banaketaz eta erabileraz argitasunen bat
> ematerik izango balu, ni eskertuta.
> Ondo-ondo bizi,
> Joxe Mari Berasategi
> Tutera
>
> Hau idatzi du Juan Luis Zabala (jaulis62 a bildua gmail.com) erabiltzaileak (2023
> uzt. 17(a), al. (13:46)):
>
>> Azkoitian, eta beste herri askotan, zaharrei (ni baino zaharragoei)
>> hitzetik hortzera entzun izan dizkiet honelakoak: "Bere izena ezabaturik
>> izango du, ez da inon ageri eta". "Hogei urte baditu, soldaduska eginik
>> izango du". "Aspaldi laketurik izango da, euskaraz ederki asko egiten du
>> behintzat". Adinkideen eta gazteagoen artean, tamalez, nekez horrelakorik.
>>
>> Alberto Martínez de la Cuadra <albertomartinezdelacuadra a bildua gmail.com>
>> igorleak hau idatzi zuen (2023 uzt. 17, Asl 09:38):
>>
>>> Saroi Jauregik aipatutako aditz-egiturari ('egin izango', 'etorri
>>> izango'...) dagokionez, Bizkaieraren Atariko Dakienak Daki atalean bada
>>> artikulu bat, Iturrikok sinatua, besteak beste honako hauek azaltzen
>>> dituena:
>>>
>>> “Mogelek, bere berba-jardunetan, Peruren ahoan esaldi hau darabil: Maia
>>> prest dago, jatekoa bere bai, ta nire umeak ‘*oraingo gosetu izango
>>> dira’*. Maria, atera eiguzu saldea. Gaztelaniaz: para ahora ya les
>>> habrá entrado el apetito. Hiztunak, berbetan dagoan momentu horretan,
>>> jazoera edo egoera bat umeak gosetuak egotea gertatu izan dalako ustea edo
>>> susmoa adierazo gura dau ‘*gosetu izango dira’* aditz perifrasi
>>> horregaz; benetan jazo izan dalako ziurtasunik edo frogarik euki ez arren.”
>>>
>>> “Aditz prozesuaren balio-esangura hori, futuro perfektua dalakoarena,
>>> gaur egungo euskaldun askok ez daki era horretara esaten, eta dakigunok edo
>>> ikasi dogunok be nekez erabilten dogu horretara. Hizuntzaren erabilera
>>> onean, landuan, erabili behar gendukela, inondik be.”
>>>
>>> “Futuro perfektua deritxon denpora-aspektudun egitura hau, *gosetu
>>> izango dira* dalakoa, zaharra edo aspaldikoa dogu euskeran, denporearen
>>> joan-etorrian hiztun askorentzat usadiotik aldendua egon arren; egitura
>>> zaharkitu gisa bazterturik.”
>>>
>>> “Aditz perifrasi egitura hau ez da idatzizkoan sarri agiri dan
>>> horreetarikoa, eta klasikoen artean be, batzuen artean ondo lekukotua
>>> dagoan moduan, beste batzuen artean ostera, edo bakan agiri da edota sekula
>>> be ez. Pedro Astarloak oparo darabil, esaterako; baina ez hainbeste
>>> Añibarrok edo Frai Bartolomek. Dana dala, XIX. mendearen lehen erdiko
>>> idazleentzat gitxi-asko ezaguna da perifrasi hori. Eskura ditugun
>>> lekukotasunak erabiliko ditugu geure azalpenerako.”
>>>
>>> “Gomendio gisa, duda barik erabilgarritzat joten dogu /*etorri izango
>>> da*/ aditz perifrasia, berariaz euskera landuan. Literatura sorkuntzan
>>> izan daiteke, inon izatekotan, onuragarri.”
>>>
>>> Artikulua hemen:
>>>
>>>
>>> https://www.bizkaiera.eus/etorri-izango-da-aditz-perifrasia-eta-beste-aukerak/
>>>
>>>
>>>
>>> Alberto
>>>
>>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20230718/439b65e4/attachment-0001.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago