ER: [itzul] YO PROFUNDO

Juan Garzia Garmendia svrinsjg a bildua sv.ehu.es
Ast, Abe 16, 10:00:44, CET 2004


Ia konforme nengoke, baina...:

Hasteko, ez da sintagmatxo hori bera bakarrik bizitzeko jaio. Behinenik,
beste adizlagunen batez lagundurik ager dakiguke, eta, orduan, adizlagunen
pilaketa nahasgarria gerta daiteke aurki:

haren sakoneko nia ("haren sakona" uler liteke)

Alegia, testuinguru gramatikalak eragiten duela hein handi batean, eta, alde
horretatik, halako kasuetan, abantaila izaten duela, nabarmena, izenondoak
adizlagunaren aldean. Hainbesterainokoa, non berez adizlagun dena izenondo
gisa erabiltzera bultza bakaitzake:

haren ni (sakon-)sakonekoa

Jakina, "sakon" edukita, ez litzateke behar "sakoneko"rik hor... Baldin eta
sinonimo balira biak. Ez baitira guztiz halako: "ni" izenaz predikatzen den
nolakotasun bat da "sakon" (adiera ez-zehaztailea ere onartzen du; alegia,
nia berez dela sakon ulertzea, eta ez ni posibleen artean bat dela sakon),
eta "ni" izenaren kokapena zehazten du, berriz, "sakoneko"k (=sakonean
+ -KO). Ez dira biak, beraz, adierako bereko eta aukerako guztiz, nahiz
gerta daitekeen pragmatikoki baliokide gertatzea kasu batzuetan.

Beraz, Bittor, uste diat egokiagoa dela analisi hori NOLAKO adiera duten
adizlagunen kasurako, non, hor bai, sinonimo baitira adizlaguna eta
izenondoa:

ardura gehiegia / gehiegi(z)ko ardura
kalte izugarriak / izugarrizko kalteak
kontu xelebreak / xelebrezko kontuak

Halakoak, bestalde, labur-laburrak izaten dira. Beraz, ez dut uste alde
handirik dagoenik halakoetan bi aukeren artean, prozesatu ere, zatika bai,
baina hizka ere baitugu prozesatzen informazioa. Hartara, halakoetan
(mikrosintaxian edo), erabakigarriagoa izaten da sintaxi-testuingurua
informazio-segidaren antolaera baino.

Oraintxe pasatu zait burutik analogia (ideia lehenagotikoa da): fisikan
makroeskalaren eta mikroeskalaren jokaerari teoria desberdin eta
bateragaitzez heltzen zaien moduan, gure joskeran ere makrosintaxia eta
mikrosintaxia bereizi behar genituzke, hots, sintetikoki, kolpe batetik
prozesatzen ditugun zatiei tratamendu bat eman, eta beste bat hortik gorako
kateei. Ez dakit guztiz konforme egotera irits gintezkeen horrela ere, baina
argiago markatua geratuko litzateke eztabaida-esparru bakoitza.

Barkatu galarazita denbora.

  -----Jatorrizko mezua-----
  Nondik: itzul-bounces a bildua postaria.com
[mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]Honen izenean: Bittor Hidalgo
  Bidalia: Asteazkena, 2004.eko abenduak 15 12:38
  Nora: ItzuL
  Gaia: Re: [itzul] YO PROFUNDO


  YO PROFUNDO: nola dago hobeto? NI SAKONA ala SAKONEKO NIA
  Laxaro

  Noski, biak dira onak eta ezin hobeak. Ordea, biak dira desberdinak.
Zertan? bada, aukerako ordena kontu guztietan bezala, nahitaez begiratu
beharko diogu ordenamendu batek eta besteak mezu hartzailearengan eragiten
duten mezu prozesatze/deskodetze/ulertze egitura desberdinari. Ea ulertzera
ematen dudan nire burua modu errazean:

  NI SAKONA jasoaz (irakurriz, baina are entzunez), mezu hartzaileak
lehendabizi NI irakurriko du eta honek kontzeptu oso bat emango dio. Hau da,
jakingo du NI-(a)-ri / NI bati buruz ari dela hitz egiten delako esaldia.
Eta ondoren zehaztuko zaio, edo ondoren eramango da mezu hartzailea NI
horren zehaztasun batera, ez EDOZEIN NI, baizik eta NI SAKONA.

  Aldiz, SAKONEKO NI egiturarekin, mezu hartzaileak lehendabizi SAKONEKO
jasoaz, alde batetik jakingo du ez garela ari kontzeptu oso batez, baizik
eta geroago emango zaion kontzeptu baten zehaztasunaz. Hau da, pentsarazioko
diogu lehenik SAKONEKO-az (hau da, zehaztasunaz), eta gero bakarrik NIaren
kontzeptu orokor, baina aldi berean jada aurretik zehaztutakoaz.

  Horretaz jabetuta, mezu emaileak, hiztun edo idazle, bere nahira erabaki
beharko du zein ulertze/deskodetze/prozesatze bide eragitea komeni zaion,
edo nahi duen, momentu bakoitzean, mezu hartzailearengan.

  Ez dakit inori baliagarri izan dakiokeen halako hausnarketa (ez dakit,
arrunt) bat, baina zalantzarik ez, mezu hartzailearen ikuspegitik begiratu
behar diegula oredenamendu kontu guztiei (hanbat eta gehiago, zenbat eta
aldaketa luzeagoak izan, noski baina are kasu honetan bezala, ordena
trukaketak, txikiak baldin badira).

  Ondo izan

  bittor

  ---------------------------------------------
  Bittor Hidalgo Eizagirre /Victor/
  k/ Intxaurrondo, 54, 4. A
  20015 Donostia (Gipuzkoa)
  Tfnoa eta faxa: 943-273748 // 655728290
  posta-e: bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20041216/7f7f49d7/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago